Espoliazioa

ESPOLIAZIOA

MENDEBALDEKO SAHARAN LAPURTUTAKO BALIABIDEAK

ZER INTERES DU MAROKOK MENDEBALDEKO SAHARAREN OKUPAZIOARI EUSTEKO?

ESPOLIAZIOAREN ONDORIOAK SAHARAR HERRIARENTZAT

Informa zaitez espoliazioari buruz

Mendebaldeko Sahara hitzak ez dute beti soinu bera nazioarteko gizartearen kontzientzietan. Pertsona batzuek badakite herri bat zapalkuntza kolonialean murgilduta dagoela Espainiako kostaldetik kilometro gutxira; beste batzuek, ordea, ez dute inoiz ezer entzun kontu horri buruz. Normalean, “Sahara” hitzak psike kolektiboan sortzen duen oihartzuna disonantea da, eta berarekin batera joan behar duen “Mendebal” terminoa ia automatikoki desagertzea eragiten du. Saharako lurraldea basamortu eta bizitzeko desegoki irudikatzen badugu ere, Mendebaldeko Sahara basamortu huts izatetik urrun dago, bere itsasoan munduko arrantza-banku aberatsenetako bat du, eta bere lurrean, planetako fosfato-meategi handienetako bat.
Pentsa liteke baliabide natural horien eta dauden beste askoren onurak saharar herriarenak direla. Hala ere, Espainiako garai kolonialetik hasi eta lurraldea legez kanpo inbaditu duen Marokoko egungo erregimen militarrera arte, Mendebaldeko Saharako ondasun naturalak arpilatu egin dira saharar herriaren baimenik gabe. Marokok, enpresa multinazionalekin batera eta Europar Batasunaren laguntza eta finantzaketa bereziarekin, Saharako baliabideen espoliazioa praktikatzen du, Nazioarteko Zuzenbidearen arabera legez kanpoko ekintza.

FOSFATOAK
Fosfatoak oinarrizko elementuak dira nekazaritza modernoan ongarriak sortzeko, eta, beraz, funtsezkoak dira elikagaien segurtasun globala bermatzeko. Horregatik, erraz erabil daitezke presio-tresna gisa. Gainera, gero eta erabakigarriagoak dira aplikazio industrial batzuetan, batez ere bateria elektrikoen osagai gisa.

Bou Craa meategia Mendebaldeko Saharako hiriburutik gertu dago, eta munduko fosfato-aztarnategi handienetako bat da. 1.700 milioi tona inguruko erreserbak ditu, hots, berak bakarrik munduko erreserben % 10 eta % 15 artean ditu.
Duela 40 urte baino gehiagotik, OCP enpresa marokoarra lurraldearen baliabide fosforikoak legez kanpo ustiatzen aritu da, eta baliabide horiekin hainbat enpresa multinazionalekin merkaturatzen.

Western Sahara Rezurce Watch-en urteroko azken txostenaren arabera, 2024an 26 ontzi itsasoratu ziren saharar lurraldetik, gutxi gorabehera 1,45 milioi tona harri fosforikorekin eta 319 milioi dolar inguruko balioarekin. WSRWren ustez, fosfato sahararren espoliazioak 2012an hasita, urtean 150 eta 655 milioi dolar artean eman dizkio Marokoko Erresumari eta horri esker finantzatu ahal izan du, hein batean, lurraldearen okupazio militarra. Marokoko propagandak dioenetik urrun, aire zabaleko ustiapenak ez du onurarik ekarri herritarrentzat, baizik eta saharar herriaren bizi-baldintzak okertu ditu bere lurraldean.

2025ean, Marokok El Aaiungo portuan karga-terminal berri bat eraikitzen amaituko du. Horri esker, espoliazioa urtean 8,2 milioi tonaraino handitu ahal izango da, eta 100.000 tonara arteko edukiera duten ontziak jaso ahal izango dira. Aldi berean, urtean ongarri eta bestelako produktu deribatuen milioi bat tona fabrikatzeko gai izango den prozesatze-planta bat eraikitzen ari dira, eta, horrela, espoliazio horren etekinen kopurua eta marjina nabarmen handituko dira.

ARRANTZA
Mendebaldeko Saharako atlantikoko urak munduko aberatsenetakoak dira, itsas biodibertsitatea dela eta. Horregatik, Saharako itsasertzak funtsezko balio ekonomikoa du Marokorentzat, hainbesteraino non Saharako uretako arrantza-harrapaketa Marokoko 2020. urteko guztizko nazionalaren % 73 izan baitzen. 2016 eta 2023 artean, Maroko eta Europar Batasunaren arteko akordioan jasotako arrain-erauzketen % 90, benetan, Mendebaldeko Saharako arrantza-tokiari zegokion. Lurraldea okupatzen hasi zenetik, Nekazaritza eta Itsas Arrantza Ministerioak eta Office Nacional des Pêches-ek arrantza-harrapaketa-, tasak eta -baimenak eman dituzte, saharar herriari kontsultatu gabe.
Marokok, modu nabarmenean legez kanpoak diren nazioarteko hitzarmenen bidez, Errusiarekin, Japoniarekin eta, batez ere, Europar Batasunarekin, arrantza tradizionalaren ordez erauzketa masiboko industria bat ezarri du. Horren ondorioz, azpiegiturek kostaldeko lurrak inbaditu dituzte eta kolonoek bertako biztanleria ordezkatu dute. 1998. urteaz geroztik, Europar Batasunak kolonoentzako etxebizitzak, izozte-aretoak, portu-eraikuntza eta abar finantzatu ditu okupazio militarraren menpe dagoen lurralde batean, eta horretan jarraitu nahi du, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak berak berariaz debekatu arren.
Azterketa ugarik, EBko eta Marokoko batzuek ere bai, erakutsi dute Saharako uretako arrantza-ustiapena ez dela jasangarria, eta agerian utzi dute Marokoko espoliazioaren ondorioz Saharako kostaldeko baliabideak gero eta eskasagoak direla.
HIDROKARBUROAK
Orain arte Saharako lurraldean petrolio- eta gas-aztarnategirik aurkitu ez bada ere, Espainiako kolonia garaiaz geroztik, bai itsasoko azalerak, bai lehorrekoak, hidrokarburoak bilatzeko lurrak izan dira. Marokoko Hidrokarburo eta Meategien Bulego Nazionalak erakusten du esplorazio-lizentziak eman zaizkiela atzerriko enpresei 2001. urtea geroztik. Bi hamarkada luzeko bilaketa egin da, bitarte horretan lehorreko eta itsas zabaleko azterketa sismikoen programak eta zulaketa-eragiketak burutu dira.
2002an, Nazio Batuen Erakundeak Marokori eskatu zion bertan behera utz zitzala Saharako herriaren baimenik ez zuten hidrokarburoen bilaketarekin lotutako eragiketa guztiak, eta Total, Kosmos, San Leon edo Glencore multinazionalek, besteak beste, parte hartu dute legez kanpoko espoliazio-modu horretan. Hala ere, enpresa horiek kontrako protestak eta erreakzioak jasan behar izan dituzte, baita haien akziodunen aldetik ere, eta, ondorioz, uko egin diete Mendebaldeko Saharako operazioei, “emaitza eskasak” izan dituztela argudiatuta bada ere. Gaur egun, legez kanpoko bi lizentzia baino ez daude aktibo, eta bi kasuetan Israelgo enpresen esku; NewMedEnergy eta Adarco Bojador sektorean dihardute eta Petroleum+Navitas Petroleum ratioak Dajla sektorean.

Hala ere, legezko esplorazio-lizentziak lor daitezke SEADeko Petrolio eta Meatzaritza Agintaritzaren bidez, 2006tik funtzionatzen duen erakunde ofizial baten bidez.

ENERGIA BERDEA (GRISA)
Lurralde okupatuetan baliabideak legez kanpo lortzea eta ustiatzea arazo energetikoa izan da Marokorentzat, eraikitako azpiegiturek, bereziki Aaiun, Bojador eta Dajlan, energia asko behar izan baitute behar bezala funtzionatzeko. Hainbat erakunde Saharar eta nazioartekoek salatu dute energia berriztagarrien hedapena Saharako lurraldean okupatutako eremuan Marokoren espoliazio ekonomikoaren fase handiago baten erakusgarri dela. Marokoko Erresumak legez kontra integratu du bere energia-sistema nazionalean Mendebaldeko Sahara. Espoliazio-estrategia hori ingurumen-kontzientzia duin baten gainean finkatu beharrean, greenwashing kolonialaren jardun batean oinarritzen da, eta eskualdearen garapena bultzatzeko ez ezik, Europara Aljeriako petrolioaren eta gasaren ordezko energia-fluxu garbia esportatzeko gai den energia berdearen bultzatzaile gisa azaltzen da.
Paradoxikoki, Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioak onespenez hartu du Marokok Mendebaldeko Saharan eraikitako ingurumen-azpiegitura, eta hori Nazioarteko Zuzenbidea urratzen duen inbasio kolonial “berdearen” proiektu bat goraipatzea da.

Gaur egun, okupatutako Saharan instalatutako energia berdearen (eolikoa eta eguzki-energia) ahalmena 1,3 giga watt ingurukoa da, eta Bucraa meategia edo Dajla eskualdeko mega-berotegiak bezalako industria-konplexuak mantentzera bideratuta dago. Hala ere, Marokoko gobernuaren planak 2030ean ahalmen hori handitu nahi du, energia eolikoaren estatuko guztizkoaren % 47ra eta eguzki-energiaren % 33ra iritsi arte. Proiektuek barne hartzen dituzte Europaren finantzaketa eta partaidetza energia eolikoko eta eguzki-energiako megazentral konbinatuetan, gatzgabetzeko plantetan eta Sahara-Marruecos-Europa interkonexioko kableetan.

Marokoko greenwashingaren azken apustua hidrogeno “berdea” ekoizteko proiektu erraldoi bat da, milioi bat hektarea hartuko dituena eta 2030ean munduko eskariaren % 4 hornitu dezakeena. Proiektu horretan Acciona eta Moeve bezalako enpresa espainiarrak daude inplikatuta.

HAREA, MINERALAK, METAL PREZIATUAK
Saharako harearen lapurreta 1955ean hasi zen, Espainiako estatuak lehen aldiz Mendebaldeko Saharako hondarraren zati bat espoliatu zuenean Kanaria Handiko Las Teresitas hondartzara garraiatu eta bertan jartzeko. 2008tik, WSRWk Kanarietako artxipelagoan eta Iberiar penintsulako beste eremu batzuetan saharar harea merkaturatzeak inplikatzen duen erauzketa-praktika monitorizatu du. Baliabide txikitzat jo badaiteke ere, hondarra da, NBEren arabera, gehien eskatzen den bigarren baliabide naturala, uraren ondoren. Izan ere, inguratzen gaituen ia guztiak zementua, beira, plastikoa, hortzetako orea… harea du. Horrez gain, enpresa eraikitzaileen eta Saharako harea arpilatzean parte hartzen duten tokiko gobernuen inplikazioa nabarmendu behar da, harea hori sahararren oniritzirik gabe salerosten baitute.
ONHYM, Marokoko hidrokarburoen eta meatzaritza Estatuko enpresak metal preziatuak eta uranioa Saharan bilatzen ari direla erakusten duten dokumentuak argitaratu ditu. WSRW 2006. urteaz geroztik dabil Marokoko korporazioak uranioaren ikerketarako egindako indusketen irudiak argitaratzen eta Prospectiuni enpresa errumaniarrak parte hartzen. Aldi berean, Behatokiak dokumentatu du atzerriko beste konpainia batzuen esku-hartzea lurraldean (Goldak, Metalex, etab.), zeinek Saharako ondasun naturalekin, burdinekin, gatzekin, kuartzoekin eta abarrekin salerosketan aritu dira.

Horri guztiari lur arraroak kontrolatzeko borroka gehitu behar diogu. Lur horiek teknologia berrien garapenean garrantzi estrategikoa dute eta Maroko Mendebaldeko Saharako eta Kanariar Uharteetako uretatik haratago hedatu nahi izateko arrazoia dira. Kalkuluen arabera, Marokoko itsas erreklamazio berrien eszenatokian telurioaren eta kobaltoaren munduko erreserben % 10 egongo litzateke.

AZPIEGITURAK
Inbasioa hasi zenetik, Marokok bere posizioaren sendotasuna garatu du Saharako lurraldean, azpiegitura militar, politiko-ekonomiko eta energetikoak eraikiz. Baliabide Naturalen Saharako Behatokiaren etengabeko monitoretzari esker, badakigu lurralde okupatuetako ondasun energetikoen inportazio gehienak Espainiako findegietatik datozela, batez ere CEPSA eta Repsol enpresa esportatzaileetatik. Behatokiaren kalkuluen arabera, produktu energetikoz betetako 160 ontziratze inguru iristen dira urtero Djala eta Bojador portuetara, Marokoren kolonizazio-proiektua materialki hornitzeko.
Era berean, Saharako lurralde okupatuetan bizi diren enpresa multinazionalak eta horien egoitza subsidiarioak identifikatu dira, zementu-industriakoak eta sektore elektrikokoak. Korporazio horiek Marokoko gobernua materialki eta egituraz hornitzeko misioari eusten diote, bai maila militarrean, bai maila zibilean. Garraioak, telekomunikazioak eta gainerako eremuak handitu egin dira inbaditutako lurraldean, eta turismoa da Marokoko gobernuak bere anbizio kolonial gehienak bideratu dituen sektorea. 2024. urteaz geroztik, Ryanair aire-lineak Madril-Dajla hegaldi-linea bat irekita dauka, eta lotura hori, Nazioarteko Zuzenbidearen arabera, ezinezkoa izan beharko litzateke oraindik eztabaidan dagoen lurraldea delako.

AGROINDUSTRIA
Western Sahara Resource Watchek, orain arte, identifikatu ditu Dajlatik gertu dauden 12 basamortu-eremu zeinetan Saharako nekazaritza-produktuak landatzen diren sahararren baimenik gabe. Lur horiek Generation Green 2020-2030 plan estrategikoak jasotzen dituen 5000 hektareen herena dira, gutxi gorabehera. “Tomatearen megalopolia” deritzonaren negozioa erregearen eta Aziz Akhannouch Marokoko lehen ministro ohiaren esku dago. Negoziotik haratago, nekazaritzako proiektu kolonialaren helburua da lur gehiago okupatzea, bertako biztanleak kolonoen alde mugiaraztea eta ekoizpen-eredu ez-jasangarria (ur-kontsumoan izugarri intentsiboa) eta inbaditzailea martxan jartzea.
Mendebaldeko Saharan (eta bere herrian) sortutako kalte material eta geologikoez gain, lurralde okupatuetan fruta eta barazkiak ekoizteak elementu sinboliko bat dakar berez, produktu horiek made in Morocco etiketa dute eta Europa osoko supermerkatuetara iristen baitira.

EPAITEGIETAKO BATAILA

Marokoren eta Europar Batasunaren arteko kolaborazionismo komertzial eta politikoak Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak sistematikoki arpilatzea ekarri du. Halako nazioarteko legez kanpoko egoera baten aurrean, bai nazioarteko gizarte zibilak bai Fronte Polisarioak berak Europako auzitegiek horri buruzko iritzia ematea bilatu dute. Gutxienez 2009az geroztik hainbat ekimen izan dira, eta 2012an Europar Batasuneko Justizia Auzitegian salaketa bat jarri zuten EBren eta Marokoren arteko merkataritza libreko akordioaren aurka. Demanda horri Western Sahara Champaign UK elkartearen salaketa bat gehitu behar zaio.
Lege-bataila luzatu egin da Kontseiluak eta Batzordeak auzitegiaren ondorengo epaien aurka egindako helegite eta maniobrengatik. Azkenik, 2024ko urriaren 4an, ezeztaezina den irizpen batean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, aurreko epaien doktrina jasota, ezarri zuen Mendebaldeko Sahara ezin dela EBren eta Marokoren arteko merkataritza-akordioen parte izan saharar herriaren aurretiazko baimenik gabe, eta, beraz, indarrean zeuden akordioak urtebeteko epean baliogabetu behar zirela. Garaipen historiko horrek saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea berresten du, lurraldean finkatutako marokoarrengandik bereizten du, eta Fronte Polisarioak sahararren ondasunen inguruan Europako auzitegi eta erakundeetan jarduteko duen gaitasun juridikoa aitortzen du.

Hala ere, Europar Batasunak bere legezkotasuna saihesteko beste ahalegin batean, gardentasunik gabeko prozesu batean, akordio berri bat bozkatu du Marokorekin. Akordio horrek, inolako kontsultarik gabe, sahararren baimena “inplizitutzat” jo nahi du, lurralde saharar okupatuetan azpiegitura-proiektuetan inbertitzeko konpromisoan oinarrituta, eta errefuxiatu sahararren kanpalekuetan “laguntza humanitarioa” handitzeko hitzematean oinarrituta.

Hau da, Europar Batasunak irmo areagotu du espoliazioaren praktika, justizia bi modutara saihestuta. Alde batetik, Mendebaldeko Saharan marokoarren ugalketa kolonialean laguntzen duen azpiegitura gehiagotan inbertituz. Bestalde, errefuxiatu sahararrei kontserbako latak “dohaintzan” ematen dizkie, beren lurretatik, arrain-uretatik eta nekazaritza-produktuetatik lapurtzen duen bitartean. Fronte Polisarioak dagoeneko iragarri du akordio berri hori geldiarazteko eta errekurritzeko erabakia. Borrokak aurrera jarraitzen du.

Next Generation

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Next Generation