Publicado el 29 de Maiatza de 2026

ELKARTERATZEA Gerrarik EZ. Bizitza duinak denontzat!

ELKARTERATZEA Gerrarik EZ. Bizitza duinak denontzat!

Arabako SEADen Lagunen Elkartetik bat egiten dugu gerren aurkako manifestuarekin, baita ostiralean, 05/29, gobernu militarretik 18:30etan irtengo den manifestazioarekin ere.

Dinamika belizista, gerra ekonomia eta militarizazioa bizitza duinak bermatzen dituen ereduaren aurkako joera estrukturalak dira. Honek, bidezko trantsizio ekosozialaren aurka egiten du, gastu militarra gastu sozialaren aurrean lehenesten du, eta autoritarismoaren zein gorakada atzerakoiaren eskutik datoz.

Sistemaren krisi-testuinguru batean, kapitalismoak irabaziak pilatzen jarraitu nahi du eta potentzia nagusiak militarismoan ikusten dute beren interesak bermatzen jarraitzeko modua. NATOk gastu militarra BPGaren %5era igotzea inposatu du. AEBek Venezuelari egindako eraso inperialistak, Kubaren erabateko blokeoak edota Gazako genozidio lazgarriak dinamika beraren parte dira.
Hemengo patronalak ere badauka honetan zer esanik: Jainaga Jainaga Israeli legez kanpoko esportazioak egiteagatik inputatu dute, eta Josu Jon Imaz esaten du Repsolek hirukoiztu egingo duela Venezuelan duen inbertsioa AEBen injerentziaren ondoren. Azken 20 urteetan hirukoiztu egin da industria militarra Euskal Herrian; patronalak gerraren bidez negozioa garbi ikusten du. Europar Batasuna, Espainiako eta Frantziako Gobernuak, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak ere ezinbestekoak dira estrategia honek aurrera egin dezan. Gerra hemen hasten da.
Honen ondorioak batez ere larriak dira gerra hauek zuzenean pairatzen dituztenentzat: heriotza, migrazio behartuak, lurraldeen, komunitateen eta bizitzarako azpiegituren suntsiketa. Hala ere, langile klaseari bere osotasunean eragiten dio, eskubide sozial, zibil eta politikoetan murrizketak ematen direnean, gastu militarraren igoerari lotuak.

Euskal Herria Gerraren aurka agertu da behin eta berriz, argi eta garbi. NATOri EZETZ esan genion eta Intsumisoen mugimendu zabala izan genuen. Asko gara bestelako eredu baten aldeko apustua egiten dugunok, eta horregatik, manifestu honetako erakunde sinatzaileek EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatzen diegu, baita ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei Hego Euskal Herriko erakunde ezberdinetan, Madrilen eta Europan, konpromisoak har ditzatela eta esparru ezberdinetan erabakiak har ditzatela:

  1. 1. Euskal Herria lurralde baketsua eta desmilitarizatua izan dadila. Gerra-azpiegiturei eta arma-bidalketari ez.Gastu militarraren murrizketa eta NATO desegiteko urratsak, horretarako Euskal Herriko eta Nafarroako parlamentuetan neutraltasun estatutuak onartuz.
  2. 2. Gerraren negozioari EZ. Patronalei eta enpresei industria militarraren alde ez egiteko eskatzen diegu, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako gobernuari, industria militarra zuzenean edo zeharka indartzen duten inbertsiorik ez egiteko. Baliabide hauek trantsizio ekosozialerako eta industriaren birmoldaketarako erabiltzea, langile-klasea erdigunean jarriko dituena eta sektore iraunkorretara bideratua egongo dena.
  3. 3. Baliabide publikoak bizitza duinak bermatzeko: gastu militarrari ez. Eskubide sozial, pentsio edota zerbitzu publikoetan murrizketarik ez; hezkuntza, osasuna, zaintza eta etxebizitza eskubideak bermatu. Elikadura osasuntsua bermatu eta benetako neurriak hartu krisi klimatikoari aurre egiteko. Harrera duina bermatzeko baliabideak bermatu eta mota guztietako harresiak eta migrazio-politika arrazistak ezabatu.
  4. 4. Autoritarismoari eta oldarraldi erreakzionarioari EZ. Balio militaristen, matxisten, arrazisten, indibidualista, klasista, eta kontrol soziala handitzearen aurrean, gardentasuna, eztabaida demokratikoa eta herritarren erabakitzeko gaitasuna bermatzeko eskatzen dugu.

Next Generation

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Next Generation