Publicado el 11 de Otsaila de 2026
Saharari Kantari
Saharari Kantari saharar herriaren aldeko kontzertua da; Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 50. urteurrena ospatzeko kontzertua, hain zuzen ere. Ekimen honen helburua ahaztutako gatazka honi ikusgarritasuna ematea da. Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik mende erdia betetzen denean, musikaren bidez babesa erakutsi nahi diogu herri honi.
Kontzertuak hamabost artista baino gehiago elkartuko ditu. Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Oreka Tx, Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Iker Lauroba, Esti Markez, Fariba Sheikhan eta Postal Kolekzionistak arituko dira oholtzan, baita Sua Enparantza dantzaria eta Jon Maia bertsolaria ere. Bi abeslari saharar ere izango dira: Suilma Aali eta Aziza Brahim, artista gonbidatua bezala. Mendebaldeko Saharari espreski eskainiko abestiak kantatuko dituzte denek.
Herri palestinarrari ere keinu bat egingo zaio kontzertuan, eta horretarako bi artista palestinarren emanaldi berezia izango dugu: Ahmed & Nur.
Ekitaldia Euskal Fondoak eta Arabako SEADen Lagunen Elkarteak antolatu dute, Bilboko Udalaren eta eLankidetzaren laguntzarekin.
