Irailaren 25ean SEADeko 2019-2022 Gazteria Planaren aurkezpena egin zen saharar errefuxiatuen kanpamentuetan, Tindoufen. Aurkezpen hau Gazteria eta Kirol Ministerioak beste ministerio eta erakunde zibil batzuekin elkarlanean egindako lanaren emaitza da. Prozesu horretan Arabako SEADen Lagunen Elkarteak hartu du parte, UPV/EHUko soziologo talde baten aholkularitzarekin (Gorka Moreno, Jose Antonio Oleaga eta Xabier Aierdi), Elkarteak Arabako Foru Aldundiarekin duen hitzarmenaren barnean.
Planaren abiapuntua Elkarteak Nafarroako Unibertsitatearekin eta UJSARIOarekin 2015ean egindako ikerketa izan zen, errefuxiatuen kanpamentuetako gazteriaren arazoak eta beharrak nabarmendu zituena.
EHUko J. A. Oleagak eta Salam Lehbib, Gazteria Ministerioko lankidetza arduradunak, aurkeztu zuten Plana eta Ahmed Lehbib
Gazteria eta Kirol Ministroak bere edukien berri eman zuen.
Errepublikako lehendakaria, Brahim Gali, eta Idazkari Nagusia, Sidahmed Tieb, ere egon ziren aurkezpenean. Azken honek eman zion itxiera ekitaldiari Planaren garrantzia azpimarratuz. “Gazteentzako egonkortasun eta etorkizun minimo batzuk bermatzeko beharrezkoa da, nahitaezkoa ihesleku egoera batean aurkitzen den gizarte batean. Horretarako ezinbestekoa da proiektuaren jarraipena bermatzea epe ertain zein luzean”, adierazi zuen.
Horrez gain, ACNURrekin eta Danimarkako Errefuxiatuen Kontseiluarekin batera Gazteria Ministerioak martxan jarritako gazteen ekintzailetza programa aurkeztu zen.
Aurkezpena Gasteizen
Gazteria Plana euskal instituzioei aurkeztuko zaie ere Gasteizen urriaren 11n, Elkarteak antolatutako ekimen batean. Horren harira, #SaharaResiste gazte topaketa egingo da urriaren 15an Artium Museoan, Mendebaldeko Saharako gatazkari begira, euskaldun eta saharar gazteek izan dezaketen paperari buruzko kezkak eta esperientziak partekatzeko gunea.
Jardunaldiko programa eta izena emateko fitxa www.sahararesiste.org webgunean daude eskuragarri.