Sahararen aldeko bertso-paper lehiaketak badu sorta saritua
Alde batetik, maiatzean eta ekainean boluntarioekin eta lagunekin elkarlanean sortu eta margotu dugun horma-irudi erraldoia, Zaramaga auzoko Mendoza kaleko 16. zenbakian ikus dezakezuena.
Bestalde, espoliazioaren gaiarekin lotuta, martxoan bertso-paper lehiaketa jarri zen martxan Arabako Bertsozale Elkartearekin elkarlanean. Hainbat Bertso-Eskolatan hitzaldiak eman genituen parte hartzera animatzeko, eta maiatzaren amaierarako ia dozena bat bertso-sorta iritsi zaizkigu.
Epaimahaiak bere lana bete du eta saria “Sahara Isiltasun Konplizerik Gabe” bertso-sortari ematea erabaki du. Sentsibilitatez beteriko bertsoak biltzen dituen bilduma eder hau Saioa Alkaizaren eskutik datorkigu, Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken txapelduna. Beraz, Saioak txapela dotorea eta Tindouferako bidaia eskuratuko ditu.
Ekainaren 30an 18:30ean horma-irudia inauguratuko da eta irabazleari saria eta txapela emango zaizkio. Ondoren, bertsolarien emanaldiaz eta musika kontzertu bikainaz gozatzeko aukera izango dugu.