Ehun bat euskal kazetarik bere elkartasuna agertu diete kazetari sahararrei Giza Eskubideen Nazioarteko egunean


 

Nazha El Khalidi eta Ahmed Ettanji kazetariekin izandako konexioak eten egin dituzte Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan prentsa askatasunak bizi duen egoera azaltzen zuten bitartean

2020ko abenduaren 10ean. Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Sahara Euskadi Mugimenduak ehun euskal kazetarik baino gehiagok Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetatik lan egiten duten bere lankide sahararrei helarazi dieten babesa eman du ezagutzera.

Aieteko Jauregian egindako ekitaldian, Kristina Berasain eta Xabier Euzkitze euskal kazetariek Euskadiko ehun erreportarik baino gehiagok sinatutako adierazpena irakurri dute. Testu horretan berretsi egiten dute prentsa-askatasunarekiko konpromisoa, eta babesa ematen diete Marokoko okupazioari eta okupatutako Mendebaldeko Saharan nagusi den blokeo informatiboari aurre egiten dieten kazetari sahararrei. “Prentsa eta informazio askatasunak edozein gizarte demokratikoren oinarrizko bi eskubide dira, eta komunikazioaren profesionalak garen heinean, ezin gara axolagabeak izan haien urraketen aurrean, gertatzen diren tokian gertatzen direla ere”, defendatu dute.

Alaui erresumaren okupaziopean kazetari eta saharar izatea arrisku handiko jarduera da. Ondo dakite hori Equipe Media taldeko Ahmed Ettanji eta Nazha El Khalidi erreportariek. Aaiundik, okupatutako Mendebaldeko Saharako hiriburutik, bideokonferentzia bidez parte hartu dute ekitaldian. El Khalidik eta Ettanjik sahararrek jasaten duten errepresio eta eskubide urraketen berri emateko dituzten zailtasunak azaldu dituzte. Izan ere, azaroaren 13an su-etena hautsi zenetik, haien aurkako jazarpena areagotu egin da. Bertaratutakoek bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte kazetari sahararrek dituzten zailtasunak; izan ere, Ettanji eta El Khalidiren konexioa eten egin dute bere aurkezpenen erdian.

“Torturak, atxiloketak, jazarpena, difamazioak, espetxe-zigorrak”

“Mendebaldeko Sahara: basamortu bat kazetaritzarentzat” txostena argitaratu zuen iaz Mugarik Gabeko Kazetariek, prentsa-askatasunak lurralde horretan bizi duen egoerari buruz. Edith Rodriguezek egindako ikerketaren arabera, “kazetaritza da foku mediatikotik urrun dagoen gatazka honek utzitako biktima ugarietako bat, Mendebaldeko Sahara “informazio-zulo beltz” bilakatuz. Marokok -135. postua RSFko Prentsa Askatasunaren Munduko Sailkapenean- burdinazko eskuarekin kontrolatzen du lurralde barruko informazioa, tokiko kazetaritza modu gupidagabean zigortuz eta atzerriko hedabideen sarbidea blokeatuz”.

Txostenaren arabera, kazetari sahararrek “torturak, atxiloketak, tratu txarrak, jazarpenak, kalumniak, difamazioak, sabotaje teknologikoak eta kartzela zigor handiak jasan behar dituzte, baldintza penagarrietan” beren lanbidean jarduteagatik.

Tokian-tokitik informatzen duten kazetarien gaineko presioaz gain, Marokok sistematikoki ukatzen du atzerriko kazetariak lurraldean sartzea. Traba hauek Gdeim Izik kanpamentuaren eraispenetik gogortu ziren. Azaroaren 8an bete zen kanpamentuaren eraispenaren hamargarren urteurrena.

Su-etenaren urraketak Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetako aktibisten, Giza Eskubideen defendatzaileen eta kazetari sahararren aurkako errepresioa gogortzea ekarri du. Izan ere, Marokoko estatuak saharar biztanleen eskubideak sistematikoki urratzen ditu, duela 45 urtetik lurraldea legez kanpo okupatzen baitu. Horregatik, Sahara Euskadi Mugimenduak Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna aprobetxatu du oinarrizko eskubide horiek defendatzeko prentsa askearen garrantzia azpimarratzeko.

Manifestazioak abenduaren 20an

Euskal gizartea mobilizatzen jarraitzeko asmoz, Sahara Euskadi Mugimenduak iragarri du abenduaren 20an manifestazioak antolatuko dituztela hiru euskal hiriburuetan, Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio-prozesuaren amaiera eskatzeko eta saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea aldarrikatzeko.

 

 

 

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies