48 urte Mendebaldeko Sahara aske baten alde borrokan


Maiatzak 10, Fronte POLISARIOaren sorreraren 48. urteurrena

1973ko maiatzaren 10ean, herri sahararrak beste urrats bat eman zuen bere askatasuna konkistatzeko bidean. Duela 48 urte sortu zen Saguia el Hamra eta Rio de Oro askatzearen aldeko Fronte Popularra, Fronte POLISARIOa (gaztelaniazko siglengatik), Espainiako botere kolonialari aurre egiteko eta herri aske eta subiranoa izateko eskubidea aldarrikatzeko erabakiarekin.

45 urte baino gehiago geroago, borroka horrek orduan bezain indarrean jarraitzen du. Espainiaren kontrol kolonialari okupazio batek, gerra batek, saharar lurraldearen eta bertako biztanleria banatu dituen minaz jositako harresi baten eraikuntzak, 30 urteko nazioarteko axolagabekeriak, eta, joan den azarotik, gatazka armatuaren berrekiteak jarraitu diote.

Nahiz eta urte hauetan zehar nazioarteko testuingurua aldatu egin den eta zuzeneko aurkaria Espainiako estatua izatetik Maroko eta bere aliatuak izatera igaro den, bada aldaezin mantentzen den alderdi bat: saharar herriaren eskubideen alde fronte guztietan borrokatzeko apustu irmoa, autodeterminaziotik hasita.

Nazioarteko eragileen (batez ere Espainiakoen eta Nazio Batuetakoen) mugiezintasuna dela eta, Fronte Polisarioak bere kabuz erantzun dio erasoari, eta okupazio basati eta krudel batetik defendatzeko eskubide legitimoa erabili du. Hedabideek isilarazitako okupazioa, saharar biztanleria zibila gogor zigortzen duen okupazioa, hain zuzen. Honen aurrean, Nazio Batuek bere arauak betearazteko makineria martxan jarri arte itxaroteari uztea erabaki du, eta askatasun desiratu eta atzeratu hori berreskuratu ahal izateko, beren kabuz modu zuzenagoan borrokatzea erabaki du, legez dagokien zerbaitengatik: bere lurraldea, beren etxea.

Erabaki zail eta mingarri horrekin (saharar herriak gerraren ondorioak bertatik bertara ezagutzen ditu), Fronte Polisarioak berriz ere argi utzi du ez duela ahaztu sortu zeneko helburua, eta mezu argia bidali die okupatzaileari eta nazioarteko komunitateari: ez dute besoak gurutzatuta itxarongo beren etxeak berreskuratzeko, beren familiekin elkartzeko, bakean bizitzeko.

48 urte geroago, helburua berbera da: Sahara aske bat.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies