Okupatutako Mendebaldeko Saharako eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen urraketak Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseilura helduko dira


Arabako SEADen Lagunen Elkartea eta komunikatzaile eta ekintzaile sahararren Equipe Media taldeak ‘Arrail bat harresian’ ikerketa kolektiboa eta ‘Un agujero en el muro’ animaziozko film laburra, Gasteizko Udalak babestutako bi ekimen, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluan aurkeztuko dituzte ekainaren 25ean, Gorka Urtaran alkatearekin batera.

Marokok legez kanpoko okupaziopean bizi diren sahararren lanerako, osasunerako eta hezkuntzarako eskubideen urraketak giza eskubideen babeserako erakunde gorenera helduko dira horrela. “Ikerketaren ondorioak eta laburmetraia Giza Eskubideen Kontseilua bezalako espazio batean aurkeztea arrakasta handia da sahararren eskubideen aldeko lanerako”, ospatzen dute elkarte arabarretik.

“Lanen izenburuek adierazten duten moduan, Mendebaldeko Sahararen inguruan Marokok sortu duen informazio-isiluneko harresia apurtzea eta sahararren bizi baldintzei buruzko datuak eskeintzea genuen helburu”, azaldu dute. “Lehenengo arrakasta ikerketa egin eta argitaratzea izan zen, bertatik lan egiteko dauden zailtasunak kontuan izanda. Bigarrena Ginebran egoteko gonbidapenarekin dator eta nazioartean sahararren eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen urraketak salatzeko aukerarekin”, gehitu dute.

Aurkezpena Mendebaldeko Sahararen aldeko estatu taldeak antolatutako goi-mailako panel batean izango da, 41. Kontseiluaren inguruan antolatzen diren ekimenen barnean. ‘Un agujero en el muro’ animaziozko film laburraren emanaldi bat ere antolatu da.

SEADen Ordezkariak Euskadin, Abdulah Arabik, txostena eta filma Ginebrara heltzearen garrantzia azpimarratu du. “Giza Eskubideen Kontseilua saharar herriaren eskubideen urraketen salaketak plazaratzeko gunerik aproposena da”, nabarmendu du.

Aldi berean, Arabik bi lanak elkartasun mugimendutik bultzatuak izatearen balioaz ohartarazi du. “Horrelako ekimenek gizarte zibilaren garrantzia erakusten digute. Bere babesa errefuxiatuen kanpamentuetatik haratago doa eta okupazioan, bere zergatietan eta ondorioetan jartzen du arreta eta Fronte POLISARIOtik egiten ditugun salaketetan laguntzen digute”, adierazi du. “Kasu hau Eraldaketarako Hezkuntzako ekimenen garrantzia azpimarratzen du, euren eragina uste baino handiago izan daitekeelako”, goraipatu du.

Jon Armentiak, Garapenerako Laguntzarako zinegotziak, “Gasteiztik eta gizarte zibiletik sortutako eta bultzatutako ekimen batek” lortutakoa ospatu du ere. “Udaletik babestutako ekimen bat Nazio Batuen mailako erakunde batean oihartzuna izatea berri oso ona da”, baieztatu du. Armentiak “giza eskubideen aldeko babes instituzionalaren garrantzia” azpimarratu du “lan zail baina ausart eta beharrezkoen bitartez”. Gasteizko Udalaren babes horren adierazle izango da Gorka Urtaranen presentzia Ginebran.

“Diskriminazio sistematikoa”

‘Arrail bat harresian’, 2013an prozesu parte-hartzaile batetik sortutako proiektua eta Euskadiko eta lurralde okupatuetako gazte talde batek garatua 2014 eta 2015. urteen artean, “saharar biztanleriaren diskriminazio sistematiko” bat agertzen du lanerako, hezkuntzako eta osasunerako alorretan. Horrek, “euren bizi baldintzen hondatzea” du ondorio gida, salatu du Arabako SEADen Lagunen Elkarteak.

“Marokok nortasun sahararra desagerrarazteko politika aplikatzen du giza eskubideen urraketetan oinarrituta. Lan honek argi erakusten du urraketa hauek ez direla bakarrik eskubide zibil eta politikoera mugatzen, bizitzaren alor guztietara hedatzen dira”, azaltzen dute. “Atxiloketak, torturak eta desagertzeez gain, ardurazko lanak izateko, goi-hezkuntzara heltzeko edota kalitatezko eta doako osasun zerbitzuak eskuratzeko ezintasunari egin behar diote aurre”, jarri dute agerian.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies