“Gdeim Iziken ondarea”, elkarrizketa online-saioa kanpamentuaren eraispenaren 10. urteurrena gogoratzeko


 

Arabako SEADen Lagunen elkarteak Mendebaldeko Saharako gatazkaren gaurkotasuna aztertuko du gonbidatu desberdinekin azaroaren 8an

Arabako SEADen Lagunen Elkarteak elkarrizketen online programa bat emango du azaroaren 8an, igandea, El Aaiun hiri okupatuaren kanpoaldean antolatutako Gdeim Izik kanpamentuaren eraispen bortitzaren 10. urteurrena gogoratzeko.

Gdeim Iziken ondarea” saioak gatazkaren gaurkotasunari helduko dio Fronte POLISARIOaren Espainiako eta Euskadiko delegatuekin, Abdulah Arabi eta Mohamed Limam, tentsio handiko testuinguru batean. Gdeim Iziken egon zen Hassanna Aalia ekintzailearekin, “Arrail bat harresian” ikerketan parte hartu zuen Miren Ogandorekin eta Gdeim Izikeko ekintzaileen epaiketetan nazioarteko behatzaile izandako Unai Orbegozorekin Giza Eskubideen egoerari erreparatuko diote. Azkenik, Elghalia Djimi Giza Eskubideen defendatzaileak, Hayat Rguibi ekintzaileak eta Ebbaba Hameida kazetariak mobilizazioetan eta gatazkan emakume sahararrek duten paperari buruz hausnartuko dute.

Emanaldia zuzenean egingo da azaroaren 8an, igandea, 12:00etatik 13:30etara eta elkartearen Youtube eta Facebook-eko kontuetan (“Sahara Gasteiz”) jarraitu ahal izango da.

Udaberri arabiarren aurrekaria

2010eko urriaren 10ean sahararren talde batek Mendebaldeko Sahararen hiriburuaren, El Aaiun, kanpoaldean lehenengo haima bat ezarri zuten bere eskubide ekonomiko eta sozialak aldarrikatzeko. Egun batzuk beranduago, okupaziopean bizi diren milaka saharar elkartu ziren ehundaka haimak osatzen zuten Gdeim Izik kanpamentuan. Ekintza hau gizarte zibilak urteetan antolatutako handiena izan zen eta Noam Chomsky bezalako adituek udaberri arabiarren aurrekaritzat dute.

Marokoko segurtasun indarrek kanpamentua inguratu zuten zibil gehiagoren etorrera galarazteko, hainbat zauritu eta Najem Elgharhi adin txikikoaren heriotza eragin zuten ekintzekin. Aldi berean, kazetariak zein nazioarteko behatzaileak eremura heltzea oztopatu zen.

Azkenean, azaroaren 8an, armada marokoarrak bortizki eraitsi zuen kanpamentua eta horren ondorioz antolatu ziren manifestazioak indarrez erreprimitu ziren. Geroztik, 19 ekintzaile espetxeratu dituzte mobilizazioetan parte hartzea egotzita 20 urteko eta biziarteko-kartzela zigorrekin, epaiketa justu eta impartzialik izan gabe.

Azken gertakariak

Mendebaldeko Saharako gaztakak garai nahasia bizi du Marokok eskubide ekonomiko eta sozialak aldarrikatzen zituzten milaka sahararren mobilizazio baketsua indarrez amaitu eta hamar urtera. Urriaren amaieratik, saharar gizarte zibilak manifestazioak antolatu ditu Guerguerateko pasabidean kamioen mugimendua galaraziz bere itxiera exigitzeko eta Nazio Batuei autodeterminazio erreferenduma antolatzeko eskatuz. Ekimen hauek lurralde okupatuetan eta errefuxiatuen kanpamentuetan ere antolatu dira eta diasporatik ere elkartasun mezuak helarazi zaizkie.

Maroko eta Mauritania lotzen dituen bide horrek Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak (SEAD) gobernatutako lurraldeak zeharkatzen ditu, eta ez dago jasota 1991ko Bake Akordioetan, Marokok zein Fronte polisarioak onartutak. Gainera, Marokok Mendebaldeko Saharako salgaiak garraiatzeko erabiltzen du Guergerateko pasabidea, Nazioarteko Zuzenbidea urratuz.

Testuinguru honetan, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak urriaren 30an Mendebaldeko Sahararako Misioa (MINURSO) berriztea onartu zuen. Beste behin ere, Giza Eskubideen ikuskapena bere zereginetatik kanpo utzi da eta gatazkaren ebazpenean aurrerapausoak emango diren arrastorik ez dago.

Azaroa hilabete nabarmena da gatazkaren historian. Izan ere, 1975eko azaroaren 6an Marokok Martxa Berdea antolatu zuen, Mendebaldeko Saharara zibil marokoarrak bidaliz lurraldearen gaineko bere subiranotasuna aldarrikatzeko. Egun batzuk beranduago, azaroaren 14an, Espainiak, Marokok eta Mauritaniak Madrilgo Akordioak sinatu zituzten. Horien arabera, Espainiak lurraldearen administrazioa beste bi estatuei ematen zien, horretarako ahalmenik izan gabe eta Saharako lurraldea deskolonizatzeko prozesua burutzeko ardura izanik. Dagoeneko 45 urte dirauen gatazka baten hasiera eragin zuten bi ekintza hauek.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies