Aktibista sahararren aurkako errepresioa eta informazio-isilunea hizpide maiatzaren 20an


Maiatzaren 20an, astelehenean, okupatutako Mendebaldeko Saharan ematen den saharar aktibisten aurkako errepresioa eta horren inguruko informazio eza izango ditugu hizpide Aldabe gizarte etxean, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Mahai-inguruan Fronte POLISARIOko Euskadirako delegatua, Abdulah Arabik, eta Hassanna Aalia eta Leila Leili giza eskubideen aldeko ekintzaileek hartuko dute parte, azken honek bideokonferentzia bitartez. Ondoren, ‘Un agujero en el muro’ laburmetraia ikusteko aukera izango da, okupaziopean saharar herritarrek jasaten dituzten eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen urraketen berri ematen duen filma.

Apirilaren 30ean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak MINURSO misioaren mandatua 6 hilabetez luzatzeko erabakia hartu zuen, oraindik ere giza eskubideen bermearen ikuskapena bere eginbeharren artean gehitu gabe. Bozkaketaren harira, manifestazioa antolatu zen Aaiun hiri okupatuan. Marokoar poliziak mobilizazioa erreprimitu zuen, Leila Leili ekintzailea bortizki kolpatuz. Leili Giza Eskubideen Urraketa Larrien Saharar Elkarteko kidea da.

Egun berean, auzitegi marokoarrek Ali Saadouni ekintzaileari zazpi hilabeteko espetxe-zigorra eta 5.000 dirhameko isuna ezarri zioten, droga izatea egotziz. Saadouni aste batzuk lehenago atxilotu zuten Aaiuneko hiribide batean saharar ikurrinak jartzeagatik. Zine Abidin Salek ekintzailea atxilotua izan zen baita apirilean, droga izateaz akusatua.

Errepresio eta eskubideen urraketa lanen salaketa zaila da okupatutako lurraldeetan Marokok ere kazetari sahararren lana jazartzen baitu. Nazha el Khalidi Equipe Media komunikatzaile-taldeko kidea maiatzaren 20an izango da epaitua kazetaritzan titulurik gabe jardutea egotzita. Khalidi abenduaren 4ean izan zen atxilotua manifestazio baten berri emateagatik.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies