Beste urtemuga bat


“Gdeim Izik, el campamento de la dignidad” dokumentaleko irudia

“Oroimenak, behintzat, ez dezan bat egin saharar herriari egindako traizioen bilduma zabalarekin, eta horrela, egunen batean, duintasunaren garaipena ospatu dezagun.”

Duela hamar urte, 45 urtez luzatzen den gatazka baten irudikapen berri bat bizi izan zen okupatutako Mendebaldeko Saharako El Aaiun hiriaren kanpoaldean. 2010eko azaroaren 8an Marokoko segurtasun indarrek Gdeim Izikeko kanpamentua bortizki eraitsi zuten. Ehunka haimek osatzen zuten sahararren eskubide ekonomiko eta sozialak, Marokok Mendebaldeko Saharako lurraldearen kontrola indarrez hartu zuenetik modu sistematikoan ukatzen zaizkien eskubide horietako batzuk, aldarrikatzen zituen eta Noam Chomsky bezalako adituek udaberri arabiarren aurrekaritzat duten mobilizazio baketsu hura.

Saharar gizarte zibilaren antolakuntzaren aurreko Marokoko erreakzioak argi utzi zuen gatazkan duen jarrera: errepresio gogorra, atxiloketak, torturak, berme zalantzagarriko epaiketak, epai luzeak, preso politikoak. Okupazioa erresistentziaren aurrean. Duintasunaren aurka, indarra.

Egun, hamar urteko tartearekin, gatazkaren konponketan aurrerapauso handirik eman denik ezin da esan. 2010etik, 19 ekintzaile sahararrek 20 urteko eta bizialdiko espetxe-zigorrak betetzen dituzte Gdeim Izikeko mobilizazioetan parte hartzeagatik eta aldarrikapenak lortzeke jarraitzen dute. Bitartean, saharar herritarren eskubideak urratuak izaten jarraitzen dute eta Marokok Mendebaldeko Saharako lurraldearen gehiengoa kontrolatzen du, bertako baliabide naturalei esker bere burua aberastuz eta sahararrei laguntza humanitarioa eta oso eskumen mugatutako misio bat besterik ez eskaintzen dien nazioarteko komunitate baten babesa bermatuz. Nazio Batuek Mendebaldeko Sahararako misioa (MINURSO) berriztu dute urriaren 30ean, Giza Eskubideen babeserako eskumenik ez duen misioa eta lurraldean 28 urtez egon ondoren bere agindua bete ez duena: autodeterminaziorako erreferendum bat antolatzea.

Hala ere, urte hauek guztiek erakusten duten moduan, Marokoren estrategiak ez du eraginik izan saharar herriaren determinazioan. Maroko eta Mauritania lotzen dituen eta SEADek gobernatutako lurraldeetatik igarotzen den Guerguerateko legez kanpoko pasabidean saharar herritarrek kanpamentu berri bat antolatu dute urriaren amaieratik, Nazio Batuei saharar herria bere oraina eta etorkizunari buruz erabakitzea ahalbidetuko duen erreferenduma behingoz antolatu dezala exijitzeko eta, modu horretan, historikoa bihurtu den zor bat kitatu dezan. Urte eta erdian Mendebaldeko Sahararako ordezkari berezi berri bat izendatzeko astirik aurkitu ez duen erakundeari.

Gauzak horrela, azaroaren 8a nahitaezko seinale berri bat da memoria eta elkartasunaren egutegian. Ia mende erdi dirauten eskubideen urraketen hazia erein zen hilabete batean, hain zuzen. 1975, Martxa Berdea. Urte horretako azaroaren 6an, Marokok herritar zibilak eraman zituen lurralde sahararretara lur horren gaineko subiranotasuna aldarrikatzeko. 1975, Madrilgo Akordioen sinatzea. Egun batzuk beranduago, azaroaren 14an, Espainia, Maroko eta Mauritaniak lurraldearen kudeaketa banatu zuten, Espaina estatuaren, autonomiarik gabeko lurralde baten administrazio-potentzia gisa,  deskolonizazio-aginduari muzin eginez.

Gogoratu nahiko ez genituen urteurrenen geroz eta zerrenda luzeagoari eman zioten hasiera bi data horiek. Baina egun horiek guztiak behin eta berriz gogoratzeko beharrean ikusten gara berariazko ahanztura batean eror ez daitezen. Oroimenak, behintzat, ez dezan bat egin saharar herriari egindako traizioen bilduma zabalarekin, eta horrela, egunen batean, duintasunaren garaipena ospatu dezagun.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies