Safia Sidi Buzeid, in memoriam


El pasado 4 de diciembre de 2018 falleció nuestra amiga y compañera Safia Sidi Buzeid, miembro de la UJSARIO (Organización Juvenil de Sangia el Hamra y Rio de Oro) y coordinadora local de los proyectos de Tiempo Libre Educativo.

Desde la Asociación queremos enviar nuestro más sentido pésame a la familia y amigos/as. Va a ser muy difícil llenar el vacío que nos deja esta bellísima persona.

Adioriz ez Safia, laster arte. Izar artean ikusiko dugu elkar!

Nola esaten zaio agur lagun bati, oraindik elkar agurtzeko goizegi denean?

Nola esaten zaio agur, oraindik agurtu aurretik elkarrekin konpartitzeko hainbeste eta hainbeste dugunean?

Safia ezagutu dugunok badakigu zein den bera omentzeko modurik onena. Ez dugu horren inguruan eztabaidatu beharrik. Ez da beharrezkoa izango pentsatzea ea lore-sortarik erosiko diogun, edo hitz batzuk idatziko dizkiogun. Elkarren artean hitz egin gabe badakigu zein den bera gure artean bizirik mantentzeko modurik zintzoena: BERE BORROKAN JARRAITZEA.

2012an ezagutu genuen elkar. Gazteagoak ginen… Oraindik ez genekien zer zetorkigun ondoren. Ez ginen ohartu zeinen lan potoloa genuen aurretik. Aaiuneko wilayan hasi ginen haurren aisialdiari buruz hausnartzen, bertako hezitzaile gazteekin elkar ezagutzen, elkarrekin hazten eta hezten, hezkuntza-praktikak berpentsatzen…

Aisialdi hezitzaileari zegokion lekua eta ardura konpartitzen hasi ginen. Safiarekin, Mineturekin, Jadiyarekin, Meimunarekin, Zaararekin, Fatmarekin, Chekekin, Darghallarekin, Beibaharekin, Deidarekin, Hurriarekin, Hayatekin, Idoiarekin, Martarekin, Saidekin, Falarekin,…

Kanpotarrok, denbora gutxi behar izan genuen Safiarekin liluratzeko. Bertakoak aspaldi zituen maiteminduta. Bere gaztelania kaxkarrarekin, bere bigarren planotik, hasieratik kalatu genuen. Emakume berezia zen. Indar berezia zuen. Baliteke baina, bera hasieran horren jakitun ez izatea. Zuen lidergoaz ez ohartzea.

Emakumearen ahalduntzearen eta boteretzearen aurpegia du Safiak. Bere burujabetzatik abiatuz, inurri-lana eginez, sareak josiz han eta hemen, konplizitateak bilatuz… Askotan, bakardadetik, baina bere borrokan beti argi eta duin jarraitzen duten horietakoa zen gure Safia.

Liderra zen, dinamizatzailea, sutsua, indartsua, langilea, borrokalaria. AUSARTA zen. Ausarta zen bere jarduna. Txikitzen ez diren horietakoa. Mirestekoa.

Zenbat pasa dugun elkarrekin, zenbat elkarlan, eztabaida, pauso-txiki, pauso-handi, zenbat hanka-sartze, zenbat porrot.

Handia da galera. Izugarria. Laguna joan zaigulako, kidea, ahizpa. Eta hori ez du inork beteko. Hitz hauek ere… hain geratzen dira motz zu deskribatzeko… hain zara handia, laztana… Feminismoan eta aisialdian ekarpen erraldoia egin duzu. Sahara askearen aldeko irrintzia hedatu duzu.

Baina berari galdetuko bagenio orain: “Safia, zer egingo dugu orain?, nola jarraituko dugu zure kide eta lagunok aurrera? Zein da hurrengo pausoa? Zer egingo dugu?” Ozen, umil eta duin erantzungo liguke: “Aurrera beti! Ezin dugu etsi, aurrera jarraitu behar dugu datorkigunarekin! Lan handia dugu! Haurrak ditugu jokoan! Duintasuna dugu jokoan! Borroka dugu bidea, eta lortzen ari gara!”

Badakigu, Safia. Badakigu. Badakigu zein den zu bizirik mantentzeko modurik zintzoena. Arrazoi mordoa genituen aurretik gure lanarekin jarraitzeko. Baina orain zorretan utzi gaituzu. Enmarronatuta guztiz. Zure borrokan duin jarraitzen saiatuko gara. Emakumeen ahalduntzearen alde, aisialdiaren errekonozimenduaren alde, haurrak subjektu politiko gisa ikusaraztearen alde. Sahara askearen alde. Zure indarra eta zure begirada barra-barra zabaltzeaz arduratuko gara. Ez izan zalantzarik.

Asko-asko maite zaitugu polita. Deskribaezinezko plazerra izan da bide zati bat zurekin konpartitzea. Ohorea izan da.

Hamadak baditu hamaika kolore… Borrokarena, itxaropenarena, eskubideena, emakumearena, irribarreena, elkartasunarena,… Orain, SAFIAREN KOLOREA ere badu Hamadak.

Izar gorria piztu da, Izar morea piztu da. Eta bizi-bizirik dago.

 

Ilustración de Eñaut Aiartzaguena

Texto de Ondiz Barandalla

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies